Medikuntza da Nafarroako Unibertsitate Publikoan atalase-notarik altuena duen gradua: 13,19 (14tik). Izan ere, gaur argitaratu da, uztailak 14, ostirala, heldu den ikasturtean graduko ikasketak egiteko onartu diren ikasleen lehenbiziko zerrenda. Hurrena, Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza da: 13,01. Beste zazpi titulaziok 12 puntu baino gehiago eskatzen dute. Bestalde, irailetik aurrera irakatsiko diren hiru titulazio berriek honako atalase-nota hauek dituzte: Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradu Bikoitzak 12,40; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduak 11,31; eta Ingeniaritza Termikoko Gradu Dualak 9,74.
Atalase-notarik altuena duten bi horien atzetik, badira beste zazpi titulazio hamabi puntu baino gehiago eskatzen dituztenak: Datuen Zientziako eta Bioteknologiako Gradu Bikoitza (12,88); Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradu Bikoitza (12,40); EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa (12,34); Ingeniaritza Biomedikoko eta Telekomunikazioaren Teknologietako Gradu Bikoitza (12,31); Ingeniaritza Biomedikoko Gradua (12,30); Erizaintzako Gradua (12,15); eta Bioteknologiako Gradua (12,10).
Bederatzi titulaziok gainditu dute 11 puntuko atalase-nota
Beste bederatzi titulaziok hamaika puntu baino gehiagoko atalase-nota dute: EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza (11,95); Datuen Zientziako Gradua (11,74); Lehen Hezkuntzako Irakasletzako eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa (11,70); EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa (11,68); Lehen Hezkuntzako Irakasletzako eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza (11,66); Fisioterapiako Gradua (11,40); Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduaren Nazioarteko Programa (11,36); Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (11,31); eta EAZko Graduaren Nazioarteko Programa (11,11). NUPeko graduko titulazioen atalase-noten zerrenda osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Onartutako ikasleen lehenbiziko zerrenda argitaratu ondoren, ikasleek uztailaren 18an edo 19an formalizatu behar dute matrikula (eguna titulazioaren arabera), Unibertsitatearen webgunearen bidez . Hor daude azalduak matrikulatzeko eman beharreko pauso guztiak. Bada salbuespen bat: Medikuntzako Gradurako, presentzialki egin behar baita matrikula.